UXUE ALBERDI
Berstolari y escritora
"ERORI"
Jarri beste gizaki baten aurrean eta begiratu begietara. Luzaz. Arnasa har dezakezu baina ezin duzu ezer esan. Ezin duzu barrerik egin. Ezin duzu bestea ukitu. Eutsi ihes egiteko bulkadari.
Ez-egitea da, agian, dagokeen ekintzarik bortitzena. Marina Abramovicen The artist is present performance-a datorkit gogora. Abramovic, aulki batean eserita, pareko aulkian esertzen zaionari begietara so. Aldiro pertsona bat, egunean zazpi orduz, bi hilabete eta erdian. Hitzik ez. Mugimendurik ez. Milaka gizaki eseri zaizkio aurrez aurre: gizonak, emakumeak, haurrak, agureak, atsoak, irabazleak, galtzaileak eta erremediorik gabe galduak. Ustez, artistari begietara begiratzea beste xederik gabe. Ustez, diot, baina ikusten ditut iristen, nor bere begiradarekin, nor bere asmo ezkutuekin: limurtzaile, desafiatzaile, eskatzaile, emaile, bilatzaile, babesle, errebelatzaile. Bi begiraden arteko botereharremana finkatu nahian hasiera-hasieratik, harri, orri, har optiko bat jokatuz, paperari guraizea, guraizeari harria. Baina begirada ez da begiaren mozorroa baino, eta hortan datza ekintzaren indarra: begirada ez, begiak eskaintzen ditu Abramovicek. Ez dago botere-jokorik, ez eta zubi posiblerik: zulotik so egiten du niniak, eta zulotik zulora ezin da ezer eraiki hutsunearen kontzientzia konpartitua salbu. Negar egiten dute askok; oka, zenbaitek. Likido amniotikoa darie aho-begietatik.
Beldurra diogu besteen begiek guri buruz esateko dutenari, baina horrexen bila gabiltza etengabe. Badakigu hutsunearen kontzientzia konpartitu horretan aurkituko dugula maitasunik sakonena baina, badakigu, aurkitzekotan, gure tristura, mina, amorrua eta, batez ere, bakardadea zeharkatu beharko ditugula. Horregatik janzten dugu begia intentzioz, amildegiaren inguruan alberdanian entretenitzeko. Baina ohartarazi gintuen idazleak: “bertigoa ez da hutsera erortzeko beldurra; bertara amiltzeko desioak gain hartuko ote digun izua baino”. Edo bestela esanda: “bertigoa ez da erortzeko beldurra, hegan egiteko gogo kontrolagaitza baizik”.
Norbait duzu hor aurrean. Zulotik zulora begiratzeko deia da, hitzaren eta mugimenduaren laguntzarik gabe. Biluzik zaude. Hala dago bera ere. Azala eta haragia erantzita. Aurpegiotan ez dago ez gaitzespenik ez onespenik, ez epairik ez erredentziorik. Bisaioz egiten duzun juzku oro zure buruaz egiten duzun juzkua da. Zeu zara Abramovic, eta zeure burua ikusi duzu pareko aulkian esertzen. Arnasa har dezakezu baina ezin duzu ezer esan. Ezin duzu barrerik egin. Ezin duzu zeure burua ukitu. Eutsi ihes egiteko bulkadari.